1920-1945 bitarteko Ameriketako Estatu Batuetako historiak Lehen Mundu Gerra ondorengo garaia, Depresio Handia eta Bigarren Mundu Gerra hartzen ditu. Herrialde honek Versaillesko Ituna ez zuen onartu eta gainera Nazioen Ligara ere ez zen gehitu.
Versallesko Itunean (1919) Estatu Batuek herrialde ahaltsua zirela erakutsi zuten, eta Yaltako Itunaren (1945) eta bi gerra handien arteko garai nahasiaren ondoren garbi-garbi ikusi zen munduko bi herrialde indartsuenetako bat zela (bestea indaberritua atera zen Sobietar Batasuna zelarik). Bi hitzarmen horien arteko garaian industria handi eta kontsumo izugarrian oinarrituriko oparoaldia bizi izan zuten Estatu Batuek, 1920ko hamarkadan hain zuzen, 1929ko Krisi Handia bitartean.
Krisi Handia iritsi zenean herri guztia lanean jarri eta Batasuneko erakundeen baliabide guztiak erabili behar izan ziren (New Deal) Estatu Batuetako ekonomia eta gizartea berpizteko, eta lan horri esker lortu zuten Estatu Batuek Bigarren Mundu Gerran demokrazien aitzindari izatea. 1920ko hamarkadan erreakzio kontserbadore eta nazionalista gertatu zen, eta aldi berean astialdiko kultura berria (jazza eta kirolak) sortu zen. 1930eko hamarkadan, azkenik, ongizatearen estatuaren oinarriak finkatzeko aukera eman zuten berrikuntza programak gauzatu ziren.